Traducción al español del original en euskera por la RED VASCA ROJA.
Euskal preso politikoen kolektiboaren agiria
Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek 1996ko urtarrilean ekin genion «Euskal Presoak Euskal Herrira» aldarrikapenaren aldeko borrokari. Orduko hartan, jauzi kualitatibo nabarmena eman genuen presoen eta euskal herritarren arteko uztarketa sendotzeari zegokionean. Ordutik hona, bai espetxeen barnean, bai Euskal Herriko kaleetan, hainbat eta hainbat ekimen eta borroka garatu izan ditugu. Guri dagokigunez, hiru gose-greba bateratu, ia etengabeko txapeoak, planteak, espetxe ugaritan gutxieneko duintasuna eskatzeko gose-greba mugagabeak, kartzelari aurre egiteko beste hainbeste ekimen... Kaleari dagokionean, berriz, elkarretaratze zenbatezinak, manifestazio nazional ugariak, sabotajea ekintzak, errepide-mozketak, propaganda ekintzak, lanuzteak, greba orokorra...
Eta, apurka-apurka, bide horretan euskal preso politikoen eskubideen aldeko indarrak metatuz joan dira. Garai batean sakabanaketaren alde apus- tu egin, bultzatu eta diseinatzen ere lagundu zuten indar politikoetako batzuek jarrera aldatu egin zuten, eta, gaur egun, egia ukaezina da euskal herritarren gehiengoak euskal preso politikoek Euskal Herrian egoteko duten eskubidea defendatzen duela. Baita "alderdi konstituzionalista" deitzen dioten horien barneko sektoreetan ere.
Gaurko egunean, eta dagoeneko hilabete luzetatik hona, agerikoa da euskal preso politikoak sakabanaketari garaitu gatzaizkiola, sakabanaketaren helburua Kolektiboa haustea zela kontuan hartzen badugu. Horrexegatik esaten dugu sakabanaketa «politikoki derrota- tu» egin dugula: sakabanaketak helburuak ez dituelako bete eta ez beteko, euskal gizartean gehiengo nagusiak bat egiten duelako «Presoak Euskal Herrira» aldarrikapenarekin.
Are gehiago, euskal presook Euskal Herriaren nazio eraikuntzan parte hartzeko dugun eskubidea ere hedatu-hedatuta dago euskal gizartean. Inork gutxik jartzen du zalantzan euskal presook nazio-eraikuntza prozesuan aske parte hartzen ez duguneino ez dela "normaltasunik" egongo gure herrian.
Eta, ondorioz, are bistakoagoa da Espainiako eta Frantziako gobernuek euskal presoekiko "zigorraren gaineko zigorraren" politika aplikatzen dutela. Are, euskal preso politikoak Euskal Herriaren hitza baldintzapeko "txanpon tresnatzat" erabiltzen gaituztela.
Zoritxarrez, berriro errepikatu behar dugu Frantziako eta Espainiako gobernuek entzungor egiten diotela Euskal Herriaren oihuari. Urteotako borrokak Espainiak eta Frantziak Euskal Herriaren inguruan eraiki duten hormaren kontra jotzen du. Euskal presoon eskubideak, gizabidezkoak zein politikoak, errespeta daitezen, Euskal Herriak hitza emateaz gain, ozenki egin du aldarri. Behin eta berriro. Deklarazio instituzionalen bidez; hainbat eta hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialen bidez; auzo, herri edo nazio mailako elkarretaratze eta manifestazioen bidez; lanuzteen bidez... Alabaina, ez da entzun nahi ez duena baino gorragorik.
Denok bildu gaituen borroka honen funtsa ez baitago euskal preso politikook pairatzen dugun egoeran. Arazoaren muina ez dago egunez egun hiltzera eramaten gaituen tortura zurian, ez dago gure senide eta lagunek egin beharreko milaka kilometrotan ordu erdiko ikustaldi laburrerako, eta, askotan, hori ere ukatu egiten digute; arazoa ez da baldintzapeko epea gaindituta kalean egon beharko luketen lagunak espetxean hiltzen segitzen dutela. Horiek guztiak gizaki bezala jasanarazten diguten oinazean kokatzen dira. Eta gure militantziaren konpromisoari lotuz, Euskal Herria askatasunera eramateko hori eta gehiago ere emateko prest gaude. Hainbat kidek eta herritarrek bizitza bera eman duten bezala.
Euskal preso politikoon egoera hobetu egingo litzateke, bai, Frantziako eta Espainiako estatuen aurrean amore emango bagenu. "Lasai" utziko gintuzkete Euskal Herria existitzen ez dela onartuko bagenu, Espainiaren eta Frantziaren baitan galdutako lur-eremu dela aitortuko bagenu. Baina nor bizi daiteke lasaitasunean, bere herriaren izaera bera suntsitzera daramatela ikusten duen bitartean? Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen dugun kideok ez behintzat, eta egunez egun borrokan diharduten milaka eta milaka euskal herritarrek ere ez.
Arazoaren sustraia, euskal presoon bidez, Frantziako eta Espainiako estatuek Euskal Herriaren hitza bahitua dutela da. Helburua ez gara euskal preso politikook: gu kolpatuz Euskal Herriaren askatasun nahia kolpatzen dute; gu suntsituz, Euskal Herri askea nahi duen euskal herritarren gehiengoa suntsitzea bilatzen dute.
Euskal Herriak garesti ordaindu du kartzelaren bidez Euskal Herriari egiten dioten eraso hori: Jose Ramon Goikoetxea loiutarra Alcalako espetxeko komunetan azaldu zen urkatuta eta lepoan ebaki sakona zuela, 1985eko ekainaren 26an; Joseba Asensio bilbotarra tuberkulosiak jota hil zen Herrera de la Manchako espetxeko ziegan, 1986ko ekainaren 8an, espetxeko medikuek katarroaren aurkako botikak eman zizkiotela; Josu Retolaza eibartarra 1987ko maiatzaren 19an hil zen, minbiziak jota, espetxean osasun-zaintzarik jaso ez zuelarik; Mikel Lopetegi tolosarra 1988ko martxoaren 2an urkatuta agertu zen, Herrera de la Manchako espetxeko ziegan; Juan Carlos Alberdi urnietarra 1988ko ekainaren 15ean hil zen bihotzekoak jota, Herrera de la Manchako espetxean; Mikel Zalakain villabonarra 1990eko urriaren 30ean hil zen bihotzekoak jota, espetxean, lehendik ere bihotzekoa jasan arren, inolako tratamendurik jaso gabe; Jean Groix bretainiarra 1991ko urtarrilaren 27an agertu zen urkatuta, Fresnesko ziegan; Pello Mariñelarena etxarriarra 1993ko maiatzaren 15ean hil zen, Parisko ospital batean, hiesak jota, asistentzia faltagatik gaixotasuna garatuta; Jabi Gorostiza barakaldarra 1995eko ekainaren 17an hil zen, kaleratu eta urtebetera, espetxean garatutako minbiziaren ondorioz; Juan Jose Etxabe Orobengoa arrasatearra 1996ko uztailaren 11n hil zen bihotzekoak jota, espetxetik irten eta hamazortzi egunetara, kartzelatzeak eragindako kalteek lagunduta; Juan Jose Arantzamendi Arbulu elorriotarra urkatuta agertu zen, Alcala-Meco espetxeko bere ziegan, 1997ko otsailaren 7an; Juan Carlos Hernando Gonzalez arrigorriagarra 1997ko uztailaren 20an agertu zen urkatuta, Albaceteko espetxeko bere ziegan; Jean Louis Maitia hazpandarra 1997ko abuztuaren 25ean hil zen bihotzekoak jota, espetxetik irten eta bi hilabete eta erdira, espetxeak eragindako osasun galera handia zela eta; Santi Diez Uriarte basauriarra 1997ko urriaren 27an hil zen Basurtoko ospitalean, espetxean zaindu gabe sortu eta garatu zitzaion minbiziaren ondorioz; Esteban Esteban Nieto tolosarra 1999ko irailaren 26an hil zen Tolosan, espetxean medikuntza-zaintzarik gabe izan ostean, garatu zitzaion minbiziaren ondorioz; Arantza eta Rosa Amezaga Mendizabal ahizpa tolosarrak 1982ko irailaren 28an hil ziren, auto-istripuz, Koldo Amezaga nebaren epaiketatik, Madrildik, bueltan zetozela; Pilar Arzuaga eta Alfonso Isasi laudiotarrak 1990eko uztailaren 1ean hil ziren, auto-istripuz, Ourenseko espetxera Maribi Ramila Arzuaga presoa bisitatzera zihoazela; Matilde Arribilaga andoaindarra 1994ko otsailaren 18an hil zen, auto-istripuz, Xabier Jauregi seme presoaren alde Gasteizko kontzentraziora zihoala; Antxoni Hernandez algortarra 1997ko martxoaren 14an hil zen, auto-istripuz, Alcala Mecora zihoala, Angel Figueroa iloba bisitatzera; Joxemari Maruri zierbanarra 1998ko ekainaren 22an hil zen, Basauriko espetxera semea bisitatzera zihoala; Karmen Salbide ugaotarra 1999ko apirilaren 3an hil zen, auto-istripuz, Jose M. Fernandez Perez de Nanclares laguna Logroñoko espetxean bisitatzetik bueltan; Ruben Garate otxandiotarra 2000 otsailaren 13an hil zen, Alcala Mecoko espetxean dagoen Jose Antonio Hernandez laguna bisitatzetik zetorrela.
Guzti-guztiak, preso politiko, senitarteko zein lagun, kartzelaren erailketa zuzenak dira. Sakabanaketa politika diseinatzen lagundu, sustatu eta defendatu zuen eta defendatzen duen orok badu zer hausnartu, bere erantzukizunari dagokionean.
Eta, jakina, kartzelaren zigorra egunez egun jasaten segitzen dugu euskal preso politikook eta gure senide eta lagunek. Dela hildakorik eragin ez duten auto-istripuetan, dela kartzeleroengandik jasandako jipoietan, dela espetxe zuzendaritzak ezartzen dizkigun zigor arbitrarioetan, dela kalean egoteko epea beteta izanik oraindik espetxean bahiturik egonik, dela hautetsi izanik karguan egoteko eskubidea ukatzen digutenean...
Baina, aldi berean, guztion artean erakutsi dugu Frantziak eta Espainiak Euskal Herria itotzeko eraiki duten hormak ez direla hautsi ezinak. Zehazki euskal preso politikoon eskabideen aldeko borrokak arrakalak agertarazi ditu horma horretan. Euskal preso politiko batzuk "Euskal Herrira hurbilduz" edo gizabidezkoak ez ezik legezkoak ere badiren ekimen batzuk eginez, txaplatak ezarri dituzte pitzatutako horman, "sendotasun" eta "mugiezintasun" itxura eman nahirik.
Ez da laburra 1996tik hona egindako bidea. Batik bat euskal presoon eta euskal gizartearen arteko borroken uztarketari dagokionean. Baina puntu honetara iritsita, aurrera begirako hausnarketa berria behar delakoan gaude. Orain arte zer egin dugun eta aurrerantzean zer egin behar dugun hausnartzeko, baina batik bat egiteko, unea heldu delakoan gaude.
Indarrak bildu ditugu, Euskal Herriaren gehiengo nabarmenak hitza adierazteko bidea egin dugu. Baina Espainiako eta Frantziako gobernuek hitza ukatzen segitzen diote Euskal Herriari. Zein konpromiso behar da gure aldetik aurrerantzean bildu ditugun indar horiek guztiak eraginkorrak izan daitezen? Zer egin ahal du gutako bakoitzak Euskal Herriaren hitza aintzat har dezaten?
Gose-greba egiten ari garen honetan, ez diogu geure buruari begiratuko, nahiz eta bizirik aterata ere, halako baraualdiaren aztarnak gainditzea hilabeteak, are urteak kostatuko zaizkigun, kalteak gorputzean betiko geratuko ez diren kasuetan. Komunikabideek agertarazi nahi dutena baino askoz ere konpromiso sakonagoaz eta ordain larriagoez. Etsaiaren mendean asmatu den borroka gogorrena horixe izanik, eman ahal dugun gehiena gose-greba delako.
Greba orokorrerako egin genuen proposamenak ez du jaso erantzun positiborik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, gure eskabideekin bat egiten duten eragile nagusi batzuen aldetik. Dirudienez, ez dago "baldintzarik" halako ekimenerako. Gauza bat esan nahi dugu horren gainean: garrantzitsuena ez da greba orokor bat, edo bi, egitea; garrantzitsuena da euskal presook gure herrian egon gaitezen Euskal Herriak emaniko hitza errespetarazteko presio ahalik eta handiena egitea Espainiako eta Frantziako gobernuei. Eta gure iritziz, greba orokorra helburu ez bada ere, bada aldarrikapenetan koherentzia erakutsi eta indarrez presio egiteko borroka-tresna egokia. Eta zalantzarik ez dugu, eragile politikoek ausarki jokatzen badute, euskal gizartean presio mota hori eta gehiago egiteko gaitasuna badagoela. Behin baino gehiagotan erakutsi den bezala. Garrantzitsuena, gure ikuspuntutik, beti urrats bat aurrera egitea da. Presioa areagotzen joatea. Etsaiaren aurrean ekimen ausartak egiteko beldur ulergaitzak uxatu eta ausarki jokatzea da zerbait lortzeko dugun bide bakarra.
Guk ez diogu eskatuko inori gure konpromiso maila har dezan. Ez diogu inori esango Euskal Herriaren alde bizitza eman behar duela, edo euskal preso politikoek bezala, egunero-egunero fisikoki etsaiaren mendean, bizi baldintza oinarrizkoenak zapalduta, begietara zuzenean so egin eta makilkadak etorriko direla jakin arren, duintasunez egin diezaiola aurre. Baina eskatuko diogu, ordea, pentsa dezala ea benetan sinesten duen ahoz aldarrikatzen duen horretan. Benetan sinesten duen Euskal Herriaren hitza errespetarazi egin behar dela. Eta erantzuna, zintzotasunez, baiezkoa bada, hori lortzeko zein ekimen eraginkor egin behar den hausnartu beharko dute. Frantziak eta Espainiak ongi asko erakutsi baitigute ez diotela ezer emango doan Euskal Herriari. Zerbait lortzekotan, gu guztion ahaleginagatik behartuta izango da. Ondotxo ikasi dugu guk hori, eskubiderik txikiena lortzeko ere larrutik ordaindu behar izan dugulako.
Euskal preso politikook gure eskubideen defentsan, baina batez ere Euskal Herriaren eskubideen defentsan, orain arteko indar berberaz jardungo dugula baieztatzen dugu. Etsaiaren zigor etengabeak ez gaitu makurrarazi orain arte, eta ez gaitu makurraraziko etorkizunean. Batetik, gure konpromiso militanteak horretara eramaten gaitue- lako; baina, gainera, Euskal Herriaren hatsa sentitzen dugu gure ondoan, eta horrek borrokan segitzeko indarra ematen digu. Ez dira asko gure esku ditugun borrokarako tresnak, baina ditugunak erabiltzen segituko dugu, harik eta gure eskubideak eta Euskal Herriaren eskubideak errespetatuak izan daitezen lortu arte.
Bada euskal presoen aldarrikapenak "egoera orokorrarekin" lotzen dituenik. Alegia, euskal preso politikoen auzia Euskal Herriaren eta Frantzia eta Espainiaren arteko gatazkarekin lotuta dagoela eta bata ezin dela konpondu bestea gabe dioenik. Guk ere argi daukagu hori. Hau da, argi dugu Euskal Herria zapalduta dagoen artean, hitza ukatua duen artean, Espainiako eta Frantziako espetxeek euskal herritarrez betetzen segituko dutela.
Alabaina, "dena konpontzen ez den artean, ezer ezin da konpondu" filosofia horri okerreko deritzogu. Bidea urratsez urrats egiten da; urrats txikiek egiten dute bide luzea. Alferrikoa da "giro hoberik" bilatzea, edo euskal presoen egoeran ekiteko beste norbaiti trukean zerbait egiteko eskatzea. Espainiaren eta Frantziaren trukerako txanpon izateko prest ez gauden bezala, Euskal Herriko inoren trukerako txanpon ere ez gara. "Giro hobeak" sortu egin behar dira. Eta gauza bat oker dagoela eta konpondu egin behar dela pentsatzen bada, euskal herritarren ge- hiengoak hori esan duela pentsatzen bada, egin egin behar da, inolako aurre-baldintzarik ezarri gabe. Bestelakoa iruzur egitea litzateke.
Lehen aipaturiko hausnarketa behar horretatik abiatuta, Euskal Herriko agente politiko, sozial eta sindikalei orain arteko dinamika areagotu eta iraunkor izateko deia egiten diegu. Euskal gizarteak gardenki erakutsi duen borondateari kasu egin diezaiotela eta Euskal Herriaren hitza errespetarazteko bidea zein den erakuts dezatela. Norberak bere lan-ildoaren baitan, baina zintzotasunez. Ez du balio "hau egin ezina da" eta "beste horretarako baldintzarik ez dago" errepikatzea. Horri ardurari ihes egitea deitzen zaio. «Denok onartuko dugun mobilizazio maila txikienera» jo beharrean, «Euskal Herriaren hitzak eskatzen duen mobilizazio maila altuenera» jo behar da. Borroka-moldeak errespetatuz, inor ezertara behartu gabe, baina pentsatzen denarekiko koherentzian.
Euskal Herriaren hitza errespetarazteak hitzetatik haratago joateko eskatzen du: zintzotasuna jardueran eta erabakigarritasuna ekinean.
Euskal gizarteari bidea moztu ez, adibidea eman eta hegalak eskaini behar zaizkio, bere eskubide dena eta bere borondate argia dena gauzatu ahal izan ditzan. Gure iritziz, indar nahikoa eta sobera dago euskal herritarren artean, hainbestetan agerturiko hitza gauza dadin. Eta gure konpromisoa hori lortu arte borrokan segitzea da. Euskal Herria inguratzen duen horma erabat suntsitu arte.
2000ko maiatzaren 20an
![]() |